Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta Euskadiko Kutxak Euskal Herritar Unibertsalaren Saria ematen dute urtero, Euskadiren irudi ona hedatzen duten pertsonen, taldeen eta erakundeen lana aitortzeko. Aurten, mendizaletasunaren alorrean urte asko daramatzan pertsona batek jasoko du saria, Edurne Pasabanek.
Edurne Pasaban Lizarribar (Tolosa, 1973ko abuztuaren 1a), polemikarik gabe, munduko hamalau gailurrik handienak igo dituen lehen emakumea da (eta hogeita batgarren pertsona). Gailur horiek guztiek zortzi mila metrotik gora dituzte.
Balentria hori joan zen maiatzaren 17an amaitu zuen, Shisha Pangmaren (8.027 m) gailurra zapaldu zuenean, Oh Eun-Sun korearrarekin izandako amaierako esprint zirraragarriaren ostean. Nahiz eta hark egun batzuk lehenago igo zuen bere azken ‘zortzimilakoa’, Annapurna (8.010 m), gerora bere herrialdeko mendi-federazioak ez zion onartu 2009ko Kangchenjungako igoera.
Edurnek 2010ean, azken bi zortzimilakoak igo ondoren, bere ametsa burutzea lortu zuen. Amets horrek hamar urtez bere ahalegin eta energia guztiak hartu ditu, 2001eko maiatzean bere lehen zortzimilakoa, Everest (8.848 m), igo zuenetik.
Urte horietan guztietan, euskal emakume gisa, Euskadiren izen ona gailurrik handienetara eta lekurik urrunenetara eraman du, baita haren balentriaren berri izan nahi zuten munduko hainbat hiri eta herrialdetara ere; izan ere, mundu osoko komunikabideek eman dute horren berri. Azken finean, euskal herritarren izaeran hain erroturik dauden ezaugarrien, hala nola adorearen, diziplinaren, profesionaltasunaren eta talde-lanaren, eredu unibertsala izan da, eta, bereziki, emakumeentzat.
Halere, dena ez da erraza izan. Bere ahaleginean, Edurne Pasaban bizitza galtzear egon da bitan (2004an K2n eta 2009an Kangchenjungan). Lehen horretan, izozketen ondorioz, bere oinetako behatzetako hainbat falange moztu behar izan zizkioten.
Baina, Tolosako alpinistak denbora horretan lesio eta gorabehera fisikoei ere aurre egin behar izan die. Horien ondorioz, eta gizonen mundu horretan emakume gisa bere lekua defendatzearen eta errebindikatzearen ondorioz, 2005ean depresioa izan zuen eta erronka uztear egon zen. Halere, berriz ere, bere adoreari eta ahaleginari esker, proiektuarekin jarraitzea lortu zuen. Aintzat hartzekoa da aipaturiko gaixotasuna gainditu eta, ezkutatu beharrean, publikoki horren berri eman izana, gaixotasuna pairatzen duten guztiei laguntzeko.
Edurne Pasabanek, hain zuzen, Everesten zegoela jaso zuen sariaren berri.
Aurtengoa Euskal Herritar Unibertsalaren 14. edizioa da. Aurreko edizioetan kirolaren, zientzien, arteen, gizartearen eta kulturaren alorreko hainbat eta hainbat pertsona eta erakunde saritu dituzte:
TAGS: Euskadiko Kutxa, Euskal Herritar Unibertsalaren saria, sariak